Programaren oinarriak

Aurkezpena. Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles S.A., (aurrerantzean, “CAF”) nazioarteko irismena duen enpresa bat da, tren-sistemetarako ekipamendu eta osagaien diseinu, fabrikazio, hornidura eta mantenuan aritzen dena. Espainiako Burtsan kotizatzen du eta munduan zehar sakabanaturik 70 filial baino gehiago ditu, sektoreko konpainia nagusienen artean dagoelarik.

Berrikuntza. CAF enpresak berrikuntzaren alde egiten du, hala ikuspuntu teknologiko batetik, nola ekoizpen- eta merkatu-prozesuen ikuspuntutik.

CAF Ventures Programa. Berrikuntzarekin duen konpromisoaren ondorioz, inbertsio korporatiborako CAF Ventures programa (aurrerantzean eta bat zein bestea erabiltzeko moduan, "Programa” edo “CAF Ventures Programa ”) sortu du, hazteko aukera handia ematen duten eta hedapen fasean diren proiektu berritzaileak (negozio-ereduen berrikuntzan interes berezia ipiniz) hautatzeko eta haien eskura hainbat baliabide eskura jartzeko misioa duena, helburu bikoitza aintzat hartuz, hots, (i) haien hazkunde eta hedadura sustatzea eta, (ii) haiek CAF taldeko konpainia-sarean txertatzea sustatzea. Hori guztiori lortzeko, elkarren arteko Plan Estrategiko bat garatzen da.

Eskaintzak. CAF enpresak, CAF Ventures Programa garatuz, Plan Estrategiko bat adostuko du hautatutako proiektuarekin. Plan hori baliagarri izango da CAF enpresak 3 urtez haren eskura jarriko dituen baliabideak zehazteko, hautaketa-prozesua arautzen duen oinarriko seigarren etapan deskribatzen denez.

Hautagaiak. CAF Ventures Programa araudi aplikagarriaren arabera behar bezala eraturik dauden konpainiei (hasiera batean, 2-4 urte arteko antzinatasuna) zuzendurik dago, negozio-eredu berritzaileak dituztenak eta, beren jarduera, nagusiki, CAF taldearen helburu nagusiarekin lotutako eremu hauetan garatzen dutenak eta, halaber, hazteko aukera handia dutenak eta hedapen-fasean daudenak, hots:

  • Lurreko Garraiorako Sistemak: Lurreko mugikortasunarekin lotutako negozio-ereduak, trenaren inguruko ekimenak eta lurreko garraiorako beste sistema batzuk, nahiz modalitate anitzeko lurreko garraio-sareak barneratzen dituztenak.
  • Fabrikazio Aurreratuko Sistemak: Ekoizpen masiboaren eta konbentzionalaren nahiz aski pertsonalizatutako ekoizpenaren artean kokatzen diren fabrikazio-sistemetan oinarritutako negozio-eredu berriak.

Partaidetza

  • Deialdia: etengabe irekita.
  • Eskaeraren erregistroa: Programan parte hartzeko eskaeren erregistroa, nagusiki, horretarako Webgunean http://caf-ventures.com/ (aurrerantzean “Webgune”) gaitutako bitarteko telematikoen bidez burutuko da. Bertan, eskatzaileek bete eta bidali beharreko eskaera-inprimakia (aurrerantzean "Inprimakia") aurkituko dute. Inprimakia bide telematikotik bidaltzean eskatzaileak oinarri hauetan jasotako konpromiso guztiak onartzen dituela eta horiek betetzera derrigorturik dagoela ulertzen da eta, horren harira, horietan deskribatutako Programarekin ados dago.
  • Eskatzaileak emandako datuak eta informazioa zuzenak, egiazkoak eta osoak izan behar dira, beregain hartuko duelarik haiek egiazkoak edo zehatzak ez izatetik eratorritako edozein erantzukizun. Eskatzaileak emandako datuak faltsuak, zehaztugabeak edo iruzurtiak balira, CAF enpresak eskumena izango du parte hartzeko eskaera ezeztatzeko. Eskatzaileak bere proiektua bere erantzukizun esklusibo eta bakarrean komunikatzen duela, eta bere kontu eta arriskura, ezagutu eta onartzen du. Halaber, konpainiarekin lotuta, hirugarrenek egindako erreklamazioen aurrean, CAF enpresa ukitu gabe mantentzea onartzen du.
  • Eskaera zuzentzea: behin eskatzaileak Programan parte hartzeko eskaera aurkeztuta, CAF enpresak proposamena aztertuko du eta, hala badagokio, aurkeztu ez den informazioa helarazteko eskatuko du, eta eskatzaileari eskaera zuzentzeko epe jakin bat emango dio. Epe hori igarota eskatzaileak eskatu zaion informazioa helarazi ez badu, eskaera baliogabeturik geratuko da automatikoki eta, berehala, dokumentu hau onartzean bi aldeek baitaraturiko betebeharrak bertan behera geratuko dira.
  • Erabilera okerra: CAF enpresak eskubidea du ekintza hauetakoren bat burutzen duen edozein eskatzaile automatikoki baja egoeran jartzeko: hautaketa-prozesuaren funtzionamendu egokia, garapen normala eta arauzkoa aldatu, iruzurtu edo erabili ezinik uztea; bitarteko iruzurtiak erabiliz abantaila eskuratzeko jarduera desegokiak burutzea, esate baterako, informazio pribilegiatua erabiltzea edo manipulazioak egitea; edota CAF taldearen jardute-printzipioaren aurkakoa izan daitekeen edozein ekintza burutzea.
  • Parte hartzeko eskaera bidaltzeak ez du esanahi, baldin eta espresuki kontrakoa adierazten ez bada, eskatzaileak CAF enpresaren jabetza intelektual edo industrialeko edozein eskubide erabiltzeko eskumena duenik.

Hautaketa. CAF enpresak eskatzaileen artean hautagaiak hautatzeko prozesu zorrotza gauzatuko du, hazteko aukera gehien duten konpainiak hauteman, hautatu eta, hala badagokio, horietan inbertitze aldera. Hautaketa-prozesua, oro har, etapa hauekin osatuko da:

1. etapa: Hautagaien harrera eta aurrehautaketa.-

  • CAF enpresak parte hartzeko eskaera-inprimakiak, nagusiki, bere Webgunearen bidez jasoko ditu. Inprimaki horretan, eskatzailearen datuak ez ezik, konpainiaren deskribapena, negoziorako abagunea eta lantaldearen deskribapena barneratuko dira.
  • Hautagaien aurrehautaketa bat burutuko da. Horretarako, CAF enpresak hauek hartuko ditu kontuan: (i) konpainia eskatzaileek CAF Taldearekin duten antzekotasun estrategikoa, (ii) konpainia horien errendimendua eta hazteko aukera eta, (iii) lantaldearen trebetasun ekintzaile eta zuzendaritzakoak.
  • Eskatzaileak aitortzen du Programan parte hartzeko aurrehautatua suertatzeak ez duela esanahi CAF enpresak bere proiektua hautatu behar duenik, ezta bere eskaintza gauzatu behar duenik ere, ez partzialki, ez osorik.

2. etapa: Presentziazko bilkura.-

  • Aurrehautatutako konpainiei, aurrez ezarritakoaren arabera, CAF enpresarekin presentziazko bilkura egiteko hitzordua emango zaie, beren proiektuak azal ditzaten. Fase horretan, CAF enpresak eskubidea izango du aurrehautatutako hautagaiei informazio osagarria eskatzeko. Informazio hori emateko, konfidentzialtasuna mantentzeko alde biko Akordioa sinatuko dute aldeek.
  • Presentziako bilkura horren ondorioz, CAF enpresak CAF taldearekin antzekotasun estrategiko gehiago duten hautagaiak hautatuko ditu, berezko irizpideari jarraiki.

3. etapa: Balio eta negozio arloko Due Diligencea.-

  • Arestian aipaturiko presentziazko bilkura horren ondorioz hautatutako hautagaiek balioari buruzko Due Diligence bat gainditu beharko dute. Horrela, ezagutza-aktiboen ebaluazioa egingo zaie, CAF taldean txertatzeko dituzten abagune eta aukeren inguruko ikuspegi zabalago bat izate aldera eta, era berean, CAF enpresaren aktibo eta gaitasunekin sor daitezkeen sinergiak aztertzeko.
  • Orobat, negozio arloko Due Diligence bat burutuko da. Bertan konpainiaren egungo negozioarekin lotutako alderdiak sakonki aztertuko dira, esate baterako: plan estrategikoa, plan komertziala, bezeroak eta merkatuak, balantzea eta emaitzen kontuak, aurreikuspen ekonomikoak, kaxa-fluxuak, etab.
  • Aurrez aipaturiko balioespen-irizpideen arabera hautatutako hautagaiei hautaketa-prozesuaren hurrengo fasera igarotzeko hautatuak izan direla jakinaraziko zaie posta elektronikoz.

4. etapa: Intentzio-gutuna.-

  • Horretarako, CAF enpresak aurrez aipaturiko Due Diligence horien ostean hautatutako konpainiei gutun bat helaraziko die. Bertan, nagusiki, behin betiko akordio bat lortzeko elkarrizketekin jarraitzeko konpromiso edo intentzioa, etorkizuneko negozioei aurre egiteko adostutako konpromisoak eta aldi baterako derrigorrezko arauak jasoko dira, hazkunde- eta hedapen- nahiz inbertsio-prozesua antolatze aldera.
  • Hurrengo fasera igarotzeko, ebaluatu ostean, intentzio-gutun hori sinatu egin beharko du konpainia hartzaileak.

5. etapa Legeari eta arlo fiskalari buruzko Due Diligencea.-

  • Intentzio-gutun horretan espresuki adieraziko da, behin sinatuta proiektuaren alderdi esanguratsuenen berrikuspen legal eta fiskalaren prozesuari ekingo zaiola, konpainiak egun duen egoera ezagutze aldera. Prozesu hori abiatzeko informazio / dokumentazio eskaera gehigarria egingo da.
  • Due Diligence legal eta fiskal hori amaitzeko, hauteman ahal izan diren uneko gorabeherak eta, hala badagokio, horien kuantifikazioa adierazteko Txosten bat prestatuko da.
  • Due Diligence horretatik eskuratzen den emaitzaren arabera, CAF enpresak CAF Ventures Programara zein konpainia hautagai gaineratuko dituen erabakiko du behin betikoz.

6. etapa Konpainiak behin betikoz hautatzea, Plan estrategikoa prestatzea, Inbertsio-akordioa sinatzea eta CAF Ventures Programan sartzea.-

  • Arestian aipaturiko balioespen-irizpideen arabera, azkenik hautatzea erabakitzen diren konpainiei horren berri emango zaie eta CAF Ventures Programan parte hartzeko gonbitea luzatuko zaie.
  • Programan parte hartzeko gonbitea onartzen duten konpainia hautatuek, "Inbertsio-akordioa" negoziatu eta sinatuko dute CAF enpresarekin. Akordio horretan aldeen arteko epe luzerako harremanak eta egiteko inbertsioa (bere egutegi eta baldintzekin) arautuko dira, aurretiaz gauzatutako akordioak abiapuntutzat hartuz. Hori guztiori hautatutako konpainiari hazkunde bizkorra izateko eta CAF taldean sartzeko prest izateko beharrezkoak diren baliabideak emate aldera.
  • Inbertsio-akordioa sinatzeak konpainia CAF Ventures Programan sartzea inplikatuko du.
  • Inbertsio-akordio horri, eranskin modura, aldeek zehaztutako Plan Estrategikoa gaineratuko zaio, Programaren ibilbide-orri modura. Horrela, alderdi estrategiko eta taktikoei dagozkien hurrengo hiru urteetarako helburu eta ekintzak finkatuko dira. Halaber, plan horretan CAF enpresak, bere garapenean, konpainiaren eskura jarriko dituen baliabideak zehaztuko dira, hauek izan daitezkeelarik:
    • Aholkularitza negozio-ereduaren garapenean.
    • CAF enpresari dagozkion esparruekin lotutako prestakuntza espezializatua.
    • Networking eta sarbidea CAF enpresaren kontaktuen sarera.
    • BOSTEHUN MILA EURO (500.000 €) inguruko inbertsio zuzena.
  • Programak irauten dituen hiru urteak igarota, enpresa Hazkunde eta Hedapen Programatik atera eta CAF taldeko enpresa modura funtzionatzen hasiko da modu autonomoan.

Aurrez ezarritakoaren kalterik gabe, CAF enpresak libreki zehaztu ahal izango ditu hautagaiak hautatzeko irizpideak etapa bakoitzaren amaieran. Erregistratuta dauden eta hautatuak ez diren eskatzaileei horren berri emango zaie dagokion etapan posta elektronikoz.

Edozein kasutan, CAF enpresak, eskumen osoa izango du proiektuen deialdi, aurrehautaketa eta behin betiko hautaketarekin lotuta.

CAF Ventures Programan parte hartuko duten konpainien hautaketaren kalterik gabe, orokorki, Programak aurrez deskribatutako prozesuarekin jarraituko du; CAF enpresak hautaketa-prozesua, osorik edo partzialki, aldatzeko askatasuna izango du, konpainia eskatzaile bakoitzaren izaera eta inguruabar partikularrak aintzat hartuz.

Jakinarazpenak. Konpainia bakoitzak Inprimaki horretan solaskide bat identifikatu beharko du, CAF enpresaren kontaktua izateko. Horretarako, Inprimakian, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira, osorik: Izen-abizenak, konpainian betetzen den kargua, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia. Programan parte hartzearekin zerikusia duten jakinarazpen guztiak posta elektronikoz egingo dira, konpainiak izendatutako solaskidearen izenean eta Inprimakian adierazitako helbide elektronikora.

Eskatzaileen erantzukizunak Eskatzaileak izango dira, CAF enpresaren eta harekin lotutakoen aurrean, erantzuleak oinarri hauek ez betetzearen erruz sortutako edo sor daitezkeen zuzeneko nahiz zeharkako kalte berehalako edo bitartekoengatik Erantzukizun horiek berehalako, bitarteko eta etorkizuneko ondorioetarako ere izango dira. Halaber, CAF Ventures Programan parte hartzeko eskaeran nahiz proiektuei buruzko informazioan hirugarrenen eskubideak urratzen badira, eskatzaileak izango dira erantzuleak, baldintza beretan. Halaber, CAF erantzukizun horretatik salbuetsita mantenduko da eta CAF enpresari indemnizazioa eman beharko zaio, eta baita sorrarazitako kalte eta galera guztien eragina pairatu duten hirugarrenei ere, edozein motako erreklamazio, prozedura judizial edo judizioz aparteko barne, kasu guztietan, gainera, abokatu, defentsarako langile eta bestelako profesionalen soldatak sartuta.

Webgunea erabiltzeko zehaztapen eta baldintzak Eskatzaileak, Inprimakia bidaltzean, CAF Ventures Plataforma Webgunean jasotzen diren Erabilerarako Baldintza eta Zehaztapenen arabera erabiltzea onartzen du. Baldintza eta Zehaztapen horiek espresuki onartu beharko dira webgunera sartzean.

Informazio Konfidentziala Informazio Konfidentziala dela ulertuko da Programaren testuinguruan eskatzaileak helarazitako informazio eta dokumentazio enpresako, zientifiko, tekniko, komertzial edo beste edozein motakoa. CAF enpresak Informazio Konfidentzial hori soilik Programarekin lotutako helburuetarako erabiliko du, eta horretarako behar den heinean baino ez. Zehazki, CAF enpresak baimendu gabeko hirugarrenek Informazio Konfidentzial hori eskuratzea saihesteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du, eta era berean jardutekoa berezko informazio konfidentziala gordetzeko baliatuko duen Informazio Konfidentzialari dagokionez. Eskatzailea aurrehautatua bada eta CAF enpresarekin presentziazko bilkura izateko hitzordua ematen bazaio, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera, Konfidentzialtasun-akordio bat sinatuko du CAF eta eskatzailearen artean argitara emandako informazio konfidentziala babeste aldera.

Norbere Datuen Tratamendua Programan parte hartzeko, Inprimakian betetzean, emandako datuak enpresario izaerari buruzkoak diren heinean, nahiz CAF enpresak haiek Business to Business eran erabiltzeari dagokionean, informazio horren tratamendua datuen babeserako araudiaren aplikazio-eremutik kanpo dago, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuz onartutako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren Garapenerako Araudiko 2.2. artikuluan xedatua betez.

Haatik, eta araudi hori aplikagarri izan daitekeenerako, eskatzaileak Programan parte hartzeko bere informazioaren tratamendua onartu eta baimentzen du.

Inprimakia betetzean beste pertsona fisiko batzuei buruzko datu pertsonalak ematen badira (esate baterako, inbertitzaile nagusiak), eskatzaileak horien beharrezko baimena duela adierazten du CAF enpresari pertsona horien datu pertsonalak jaso eta tratatzeko baimena emateari dagokionez. Horri dagokionez, horien datuak jakinarazi aurretik, haiei dokumentu honetan barneratzen diren alderdien berri emateko konpromisoa hartzen du eskatzaileak.

Edozein kasutan, hala dagokionean, sartu, zuzendu, ezeztatu eta aurkaratzeko eskubidea erabil dezake, araudi aplikagarrian ezarritako baldintzetan. Horretarako, bere eskaera bidal dezake Atarian erabilgarri dagoen harremanetarako inprimakiaren bidez. Bertan, izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta NANaren kopia bat edo bere identitatea egiaztatzen duen dokumentu ofizial bat gaineratu beharko ditu.

CAF enpresak datu guztiak konfidentzialtasun osoz tratatuko ditu eta horiei dagokien sekretu-betekizuna betez, aplikagarria den araudian ezarritakoari jarraiki. Horretarako, datu horien segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri tekniko eta antolakuntzakoak hartuko ditu, aldi berean, haiek baimenik gabe aldatu, galdu, tratatu edo har daitezela saihestekoak, kontuan izanik teknologiaren egoera, gordetako datuen izaera eta haien gainean egon daitezkeen arriskuak.

Miszelanea

  • CAF enpresak eskumena izango du edozein unetan oinarri hauek eta horietan barneratutako babesen edukia aldebakarreko erabakiz eguneratu edo aldatzeko, bertsio berria Webgunean argitaratu baino ez duelarik egin behar, jakinarazpen hori egiteko beste edozein bide erabiltzeko betebeharrik gabe.
  • CAF enpresak ez du Webgunearen eta bertan aipatutako zerbitzuen eskuragarritasuna eta funtzionamenduaren jarraipena bermatzen, izan ere, hura etengabe eguneratzen da. Horrenbestez, ezinezkoa da plataforma hori etengabe erabilgarri eta akatsik gabe izango dela bermatzea. Gainera, CAF enpresak ez du Webgunean adierazitako informazioa edo bertan ematen diren zerbitzuak ez erabiltzeagatik edo ezin erabiltzeagatik, eskatzaileak jasandako kalteen gaineko inolako erantzukizunik. CAF ez da, inolaz ere, edozein kausa dela medio gerta daitezkeen interferentzia, omisio, etete, informatika-birus edo atariaren deskonexiotik eratorrita jasan daitezkeen kalte edo galeren gaineko erantzulea.
  • CAF eta eskatzaileak bakoitzari dagozkion marka erregistratuen gaineko eskubide, titulartasun eta interes guztiak mantentzen dituzte, haiek mantentzeko borondatea azalduz, gerora bien artean ados daitezkeen akordioen kalterik gabe.
  • CAF enpresak eta eskatzaileek ez dute erabiliko beste aldearen marka erregistraturik ezta haiekin nahasteko modukoa den antzeko beste edozein marka erregistratu, izen komertzial, hitz, ikur edo diseinurik ere, ez helburu komertzialekin, ez izen korporatiboaren zati gisa, ezta aurkako alderdiaren edozein produkturen izenaren zati gisa ere.
  • Oinarri hauen edozein publizitate-hedapenerako erabilitako edozein eduki azaltzeko, CAF enpresak eman beharko du baimena.
  • Webgunean agertzen diren marka, ohar, izen komertzial, propaganda komertzial, marrazki, diseinu, logotipo edota testuak CAF enpresaren jabetza esklusibokoak dira, edo hirugarrenen jabetzakoak, baldin eta aldez aurretik CAF enpresari haiek erabiltzeko baimena eskatu badie. Debekaturik dago Webgunean agertzen den edozein eduki erabili edo edozein bide baliatuz ustiatzea, aldez aurretik CAF enpresaren baimen idatzia izan gabe. Atariaren diseinua eta edukia jabetza industrial, intelektual eta egile-eskubidearen babeserako legedi aplikagarrian ezarritakoaren arabera dago babesturik. Horrenbestez, debekaturik dago Webguneko diseinua eta edukia aldatu, kopiatu, banatu, hedatu, barreiatu, argitaratu, editatu, saldu edo edozein modutan ustiatzea.
  • Eskatzaileak Inprimakia bidaltzea, CAF enpresak hura erabiltzea, konpainia bat hautatzea edo oinarri hauetan edozein aipu egitea ez da, inolaz ere, CAF enpresaren eskaintza edo lan-kontratu modura interpretatu behar. Dokumentu honen bidez Eskatzaileak aitortzen du Eskaera Inprimakia bere borondatez bidaltzen duela. Hala izan ezean, CAF enpresa edozein erantzukizunetik salbuesten duelarik.

Jurisdikzioa eta Lege aplikagarria Oinarri hauek interpretatu eta betetze aldera, CAF enpresari eta eskatzaileari Espainiako legeak aplikatuko zaizkie. Dokumentu honen interpretazio edo egikaritzetik eratorritako edozein desadostasun aldeek ebatziko dute zuzenean. Horretarako, fede onez, gorabehera horiek ahalik eta modu harmoniatsuenean ebazteko ahalegin guztiak egiteko konpromisoa hartzen dute, bertan adierazitako baterako intentzioa aintzat hartuz, gehienez, 15 (hamabost) egun baliodunen barnean. Epe hori aldeetako batek idatziz beste aldeari edozein erreklamazioren berri ematean hasiko da zenbatzen. Beste aldeak erantzunik ez emateak ez du ekarriko epe hori bertan behera geratzea. Aurreko atalean ezarritakoari jarraituz ebatzi ezin izan den eta dokumentu honen edo bere interpretazioaren ondorio den edozein gatazka, desadostasun edo erreklamazio arbitraje bidez ebatziko da, eta baita dokumentu hau ez betetzearekin, etetearekin edo ezeztatzearekin lotutako edozein gatazka ere. Arbitrajea Gipuzkoako Ganberako Arbitraje Auzitegian (Espainia) gauzatuko da eta erabiliko den hizkuntza gaztelania izango da. Arbitrajeko laudoa behin betikoa eta apelaezina izango da, haren kontra egon daitekeen edozein errekurtsori muzin egingo zaiolarik.